Tolosaldeko osasun zerbitzuan euskarak duen egoera "urgentziazkoa eta guztiz kezkagarria" da Galtzaundi Euskara Taldearen ustez, UEMAk berriki egindako azterketaren emaitzak ikusi eta gero: "Euskal Herriko eremu euskaldunenetakoan ez daukagu bermatuta euskarazko osasun arreta eta are gehiago, etengabe hizkuntza-eskubideen egiturazko urraketak jasaten ditugu".

Izan ere, Tolosaldeari %74ko derrigortasun-indizea dagokio osasun zerbitzuen hizkuntza eskakizunei dagokionean, hau da, osasun arloko lanpostuen %74k izan beharko lukete hizkuntza eskakizuna betetzeko data jarrita. Gaur egun %60an dago betekizun hori. Hala ere, esparru ba-tzuetan egoera hobea bada ere, are nabarmenagoa da hutsune hori pediatrian eta medikuen kasuan. Sendagileen kasuan, Asuncion klinikako medikuen %16,5ek bakarrik dute hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta. "Datu honek adierazten du Asuncion klinika dela Osakidetzaren sare osoko zentrorik erdaldunena medikuei dagokionez eta ez da onargarria", diote. Hala, Galtzaundi Euskara Taldeak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Asuncion Klinikari eskatzen die egoeraren berehalako analisia egin, eginbeharreko aldaketen plana diseinatu eta berehala eskuhartzeko: "Osasun arreta euskaraz jasotzea gure eskubidea da".