-ZumarragarEkin dirulaguntzen programa herriko industria enpresen eta merkatari txikien berrikuntza eta profesionalizazioa bultzatzeko sortu zen duela lau urte.

Zumarragako Udalak 440.000 euro bideratu ditu azken lau urteetan herriko ekintzaileei laguntzeko, ZumarragarEkin programaren barne. Dagoeneko eskaera aurkezteko epea irekita dago.

ZumarragarEkin programan sei laguntza ildo jarri dira abian eta guztira 440.000 euroko inbertsio publikoa bideratu da lau urte hauetan: enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko inbertsioei laguntzea, ekintzaile-tza babestea (izaera estrategiko eta berritzaileko proiektuak eta merkataritzakoak),tokiko merkataritza eta lehen sektoreko merkataritza biziberritzea, hutsik dauden merkataritza lokalei erabilpena emateko ahalegina egitea eta ikasturte hasieran bonuak ateratzea familiei eta herriko merkatariei laguntzeko.

Aurtengo deialdia irailaren 30era arte egongo da indarrean eta 85.000 euroko aurrekontu ekonomikoa izango du.

ZuEKIN Eskolara bonuak postaz bidaliko zaizkie zuzenean 2007 eta 2016 bitartean jaiotako adingabeak dituzten familiei eta kanpainari atxikitako saltokietan erabili ahal izango dira 2022eko uztailaren 1etik urriaren 31ra bitartean.

Gainerako laguntzak udalaren egoitza elektronikoaren bidez eska daitezke. Tresna digitalak erabiltzeko zailtasunik izanez gero, interesdunek Herritarrentzako Arreta Bulegora jo dezakete.