- Ekainaren 14etik irailaren 11ra egongo dira zabalik udako igerilekuak Hernanin. Hala jakinarazi dute aste honetan Ane Ibarburu zinegotziak eta Igor Urangak, Kirol zuzendariak. Aurtengo denboraldiaren ezaugarri nagusiena normaltasunera, pandemiaren aurreko egoerara, itzuliko dela da.

Beraz, txirristrak, aldagelak eta taberna irekita egongo dira eta txandak desagertuko dira. Beraz, erabiltzaileek egun osoa pasa dezakete bertan. Aforoak ohikoak izango dira berriro: 1.500 pertsona berdegunean eta 500 pertsona uretan.

Ordutegia zabalagoa izango da, 10.00etatik 20.30era. "Pandemia garaian goizeko eta arratsaldeko txandak ezarri genituenez, instalakuntza 11.00etan ireki ordez, 10.00etan ireki genuen, bi txandek ordu kopuru berdina izan zezaten. Ikusi genuen, lehenengo orduan ere jende dexente etortzen zela, beraz, aurten 10.00etan irekiera mantentzea erabaki genuen", azaldu du Kirol arloko zinegotziak.

Denboraldiko abonoak egiteko aukera ekainaren 6an online zabalduko da. Eta presentzialki egin nahi duenarentzat udako igerilekuaren leihatila ekainaren 14ean zabalduko da. Eguneko sarrera nahi duenak egun bateko aurrerapenarekin eros dezake bi bide horietatik edo aurten martxan jarriko den makinaren bidez. Makina honen helburua igerilekuetako harreran jende pilaketak saihestea da. Ordainketa kreditu txartelarekin egin beharko da.

Hernaniko kiroldegiko bazkideek prezio bereziak izango dituzte abonoa egiterako garaian, baita Astigarragako kiroldegiko bazkideek ere, herri horrekin hitzarmen berezi bat sinatu zelako.

Kirol zuzendariak aditzera eman duenez, kiroldegiarekin gertatzen den bezala, udal webgunean iragarriko da unean uneko igerilekuen aforoa. "Horrela jendeak aurrez jakingo du tokia dagoen edo ez, eta ez du bidea alferrik egingo", esan du.

Urangaren ustetan, aurten jende asko hurbilduko da igerilekuetara; izan ere, dagoeneko jendea galdezka dabilelako ea denboraldia noiz zabalduko den. Eguraldiaren arabera jende gehiago edo gutxixeago hurbilduko da.

Ibarburuk aurreratu duenez, tabernako arduraduna lana egiteko irrikitan dago, bi urte gogorren ostean. Honela, beti bezala pintxoak, edariak eta bazkariak eskainiko ditu eta 23.00ak arte zabalik egongo da afariak ere eman ahal izateko.