- Mercedes Iridoy Olaskoaga atzo zendu zen Hondarribian, 98 urte zituela. 1973 eta 1977 urteen bitartean Hondarribiko alkate izan zen eta erronka handiei egin behar izan zien aurre, garai politiko nahasia zelako, eta Hondarribiko Udalaren egoera ekonomikoa larria zelako. Oztopoak oztopo, herriaren hazkundea sustatu zuen. Proiektu esanguratsuak aurrera eraman ahal izan zituen, Pedro Aguinagalde eskola (egun Bordari Ikastetxea), edo Itsas Etxea anbulategia, besteak beste. 2016an Hondarribiko Udalak urrezko intsignia eman zion Lourdes Zubeldiarekin batera, XX. eta XXI. mendearen hasieran Hondarribiko emakumeek gizartearen onerako egindako lana egoki ordezkatu izanagatik, antolakuntzaren, bizikidetzaren, adierazpenaren eta sorkuntzaren alorretan. Hondarribiko Udalak bere familiari eta hurbilekoei samina adierazi zien atzo.