- Mutrikuko Udalak munduko kultura eta errealitate ezberdinak ezagutzera emateko II. Kultur Aniztasunaren Astea antolatu du. Hori dela eta, nahi duten herritar guztiek hiru ekintza ezberdinekin disfrutatzeko aukera izango dute datozen egunotan.

Egitaraua abiatzeko arrazakeriaren aurka lan egiten duen Antumi Toasije historialaria eta ekintzaile panafrikanistak Panafrikanismoa, Afrikako herrien borroka antiesklabista eta antikoloniala izeneko hitzaldia eskainiko du gaur (18.30ean eta erderaz) udaletxeko batzar nagusian.

Aurtengo Kultur Aniztasunaren Asteko bigarren ekintza datorren larunbatean egingo da. Egun horretan Munduko sukaldeak ekimenarekin gozatzeko parada izango da (19.30etik 13.30era bitartean) Lagun Artea elkarte gastronomikoan. Bertan, marokoar jatorrizko emakume mutrikuarrek beraien herrialdeko postreak sukaldetzen irakatsiko dute. Hori bai, plazak mugatuak direnez, ekintza horretan parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena (epea gaur amaitzen da), ongizate2@mutriku.net helbidera mezua idatzita.

Mutrikuko II. Kutur Aniztasunaren Astea borobiltzeko Caminamos para Crecer kulturarteko antzerki taldearen emanaldia izango da igandean (18.30ean) Zabiel kultur etxean.

Ekitaldi hori Alas Rotas erderazko antzezlanarekin hasiko da eta emanaldiaren ondoren aktoreekin solasaldia egongo da Zabielen. Interesatuek dagoeneko eskura ditzakete gonbidapenak www.mutriku.net web gunearen bitartez.