- Alkizako Udalak eta herriko eragileek atzo aurkeztu zuten Sormenaren Kabia Bekaren bosgarren edizioa. Ekainaren 30era bitarte proposamenak aurkezteko epea izango da.

Artistek, hausnartu, sortu eta lan egiteko espazio bat sortu zuen duela bost urte Alkizako Udalak, hainbat eragileekin elkarlanean. Arte-sormena, kultura bera, hirietatik eta Alkiza landa-eremuko sorgune moduan erreferentea izatea lortu nahi du ekimenak.

Inaki Irazabalbeitia, Alkizako alkateak aditzera eman zuenez, "bi artistek, 1.000 euroko saria jaso-tzeaz gainera, hiru astez Alkizan hausnartu eta sortzeko aukera izango dute aurten ere". Horretaz gainera, batetik, irabazleek Elena Cajaraville artista bitxigilearen eta Koldobika Jauregi eskultorearen aholkularitza jasotzeko aukera izango dute. Bestetik, Unai Sorarrain bideogile alkizarrak beka eskuratu duen proiektu bakoitzeko ikus-entzunezko bat egingo du.

Antolakuntzak urtero epaimahai bat osatzen du berariaz aurkeztutako proposamen guztien artetik bi aukeratzeko. Aurten, Jauregi eskultorearen alboan izango dira Usoa Zumeta Sanz, serigrafía-egilea, Undermount Igeldo plataforma artistiko eta kulturaleko kideak eta Maria Andrés. Azken hori izan zen bekaren hirugarren edizioko irabazleetako bat, Idoia Unzurrunzaga argazkilariarekin batera.

Oinarriak eta parte hartzeko bete behar diren baldintzak www.fagus-alkiza.eus web orrian ikus daitezke.