- Gipuzkoako Foru Aldundiak etxean energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko helburua duen kanpaina garatuko du Azpeitian, Udalarekin elkarlanean eta Energia Argitu programaren baitan.

Udaletik azaldu dutenez, kanpaina honen helburua "herritarrei etxeko energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatu eta ulertu ahal izateko beharrezko tresnak ematea da, baita energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa murrizteko irtenbideak proposatzea ere".

Kanpaina burutzeko, energia kontsumoa gutxitzen ikasteko saioa izango da hilaren 10ean. Egun horretan, Aurreztu dirua eta irabazi osasunean zure etxebizitzan izeneko azalpen-tailerra egingo da (18.30ean) Azoka plazako aretoan. Bertan "etxean autodiagnostiko energetikoa nola egin azaltzeaz gain, etxebizitzetan ohikoak diren arazoak konpontzeko irtenbideak zehaztuko dira". Gainera, interesdunei Energia Argitu Kit maletak banatuko zaizkie Udalaren bitartez.

Kit horrek "neurketak egiteko eta gabeziak detektatzeko" aukera ematen du; "eta %5 - %10 arteko aurrezpenak eragin ditzaketen neurri sinpleak hartzea proposatzen du".

Behin etxebizitzaren auto diagnostikoa eginda, parte-hartzaileek etxebizitzen birgaitze energetikoko espezialistekin lortutako emaitzei buruzko zalantzak kontsultatzeko aukera izango dute.

Parte hartu nahi dutenek hilaren 6a baino lehen eman behar dute izena argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatziz edota 605 757 687 telefono zenbakira deituz (9.00etatik 18.00etara arte).