- Enirio-Aralar mankomunitateak antolatuta, gaur maiatzaren lehenean, Aralarko larreak irekitzeko festa egingo dute Larrai-tzen.

Artisau eta salmenta postuek hasiko dute eguna, goizeko 10.00etatik aurrera, eta egun guztian zehar izango dira festaren zati. Ardi eta ahuntz gazta, taloak, sagardoa, orein produktuak eta baserriko ogia, besteak beste, egongo dira eskuragarri.

11.00etan, Oscar Ferrerren eskutik, zaldi erakustaldiaz gozatu ahalko da.

12.00etan izango da Larre Irekiera ekitaldia. Suziri jaurtiketarekin Aralarko larreen irekiera irudikatuko da, eta ondoren artalde eta haziendak mendiratuko dituzte.

Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aizkolarien ikuskizuna izango da, 12.30etatik aurrera. Ekitaldian zehar, Abarlotz Olano, abeslari zaldibiarra, eta Bixente Gorostidi, bertsolari amezketarra, arituko dira kantuan.

Bestalde, abere erakusketa ere izango da. Bertan, behiak, behorrak, ahariak... egongo dira ikusgai. Esku langintza saioak ere egingo dira: artile, saski, harri lantze...

Aurten, ez da ohikoa den arratsaldeko erromeriarik izango.

Enirio-Aralar Mankomunitateak burutzen du ohitura hau. Ordiziako Udalari dagokio beti mankomunitatearen lidergoa eta ondorengo herri hauek osatzen dute: Ordizia, Beasain, Lazkao, Legorreta, Itsasondo, Arama, Altzaga, Gaintza, Zaldibia, Ataun, Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Ikaztegieta eta Baliarrain.