- Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, Komunitate Energetikoak zer diren eta nola funtzionatzen duten ezagutzeko tailerra antolatu du maiatzaren 4ean, 18.30ean, Hondarribiko Udaletxeko Areto Nagusian.
"Gero eta gehiago dira Komunitate Energetikoak sortzearen aldeko apustua egiten ari diren Gipuzkoako udalerriak", adierazi du Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak. Ildo horretan, herritarrik gabe ez dagoela komunitaterik badakite Udalean eta horregatik ezinbestekoa dela uste dute herritarrek argi izatea zer diren komunitate energetikoak eta nola funtzionatzen duten.
Beraz, tailerraren helburua gaiari buruzko informazio osatua eta zehatza azaltzea da, jada funtzionamenduan daude mota desberdinetako Komunitate Energetikoen berri emanaz, herritarrek sistema energetikoan izan dezaketen eragin zuzena ulertu dezaten.
Tailer hauek Aldundiaren Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da.
Tailer honetan parte hartu nahi duten herritarrek, maiatzaren 3a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasleen kopurua ezagutzea. Izena emateko bi bide daude: posta elektronikoz, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatziz, edo 605 757 687 telefonora deituz (astelehenetik ostiralera, 9.00etatik 18.00etaraino ordutegian).