- Euskara arloko dirulaguntzak onartu zituen ahobatez Oiartzungo azkeneko Osoko Bilkurak. Honela, Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunearekin hitzamena onartu zen. Aurten, 105.702 euro bideratuko dizkio Udalak, euskara arloko hainbat proiektu gauzatu ditzan (Kuadrillategi, Oiartzuarren Baitan, Euskaraldia, Txerri Eguna, motibazio saioak ikastetxeetan...). Iaz, covid-19a zela eta, Udalaren aldetik jasotako diru guztia ez zuen erabili eta soberakin hori itzuliko dio Ttur-Tturrek Udalari.
Oiartzun Irratia kudeatzen duen Hitz Hots elkarteari Udalak egingo dion ekarpena ere onartu zen. 58.000 euro bideratuko zaizkio herriko irratiari.
Euskara arloko udal dirulagun-tzak emateko oinarriak eta diru-kopurua ere onartu zen: 76.140 euro bideratuko dira arlo sozioekonomikoan euskararen normalizaziora, euskara ikasleei eta Udalaz gaindiko eragileei.
Bestalde, Oarsoaldea garapen agentziari 2022 urtean egin beharreko ekarpena ere onartu zen, ahobatez. Guztira, 431.664 euro bideratuko dira industria, etxebizi-tza, turismo, euskara, gizarteratze, herri berriztapen, kontsumo... arloetako proiektuak gauzatzeko.
Pikokaraten eremu publiko bat hamabost urterako emakidan uztea ere onartu zen, kanon baten truke, lehenengo sektoreko jardueretarako.
Gainera, udal langileen soldatak %2 igotzea onartu zen ahobatez. Espainiako eta EAEko aurrekontu legeek langile publikoentzako uzten duen gehienezkoa da.
Hala eta guztiz ere, Oiartzungo batzarrean atzerriko gaiek izan zuten protagonismoa. Ukraina eta Mendebaldeko Sahararen aldeko bi mozio onartu ziren ahobatez.
EAJk ohar batean bi herriei bere elkartasun osoa adierazi nahi izan zien eta Ukrainan Europaren papera babestu zuen.