- Mutrikuko herriak XXV. Berdel Eguna ospatuko du bihar, egitarau zabalarekin. Berrikuntza gisa, orain arte arratsaldez portuan egin izan den berdel pintxo dastaketa herrikoia 13.00etan egingo da aurten.

Edonola ere, biharko festa egunean hainbat ekintza egongo dira: Haurrentzako arrantza tailerrak (10.00etatik 14.00etara portuan), artisau eta sortzaileen azoka (10.30etik 15.00etara Txurruka plazan), XV. Belauntzien arteko txapelketa (10.00), Gravni pilota txapelketak (11.00etan banakakoa eta 16.00etan binakakoa), merkatu txikia (11.00etan portuan), herriko abesbatzen kontzertua (12.00etan Zabiel plazan), trikitilarien kalejira (13.00etatik aurrera) eta Errietan eta Gozategi musika taldeen emanaldia (18.00etan portuan).

Biharko Berdel Eguna girotzen joateko pintxo pote berezia izango da gaur herriko hainbat tabernetan (pintxoek berdela izango dute) eta 22.00etan zestako Berdel Txapelketaren finala jokatuko da.