- Datorren maiatzaren 22an Kursaalean izango da Lucia Lacarra zumaiarra Fordlandia obrarekin, Donostiako Musika Hamabostaldian aurkeztu ostean.

"Zertarako balio du, bestela, maitasunez eta bihotzez zerbait egiteak, zuk maite dituzunek ikusiko ez badute?", adierazi zuen Zumaiako artistak, berak eta bere bikotekide Matthew Golding dantzari kanadarrak, dan-tza, musika eta arte bisuala uztartzen dituen muntaia horren "emanaldi bereziaren" berri emateko prentsaurrekoan.

Oraingoan ez dute Victoria Eugenia antzokian eskainiko, Kursaaleko auditoriumean baizik, edukiera guztiarekin, gainera -1.800 besaulki-. "Guk eszenatoki guztietan gozatzen dugu, hiri eta herrialde bakoitzean; jakina, etxean eskaintzea beste gauza bat da, are gehiago hamahiru urterekin alde egin nuela kontuan izanik. Horrek balio handiagoa ematen dio", nabarmendu zuen dantzariak.

Itzulera horrek oso esanahi berezia du bientzat; izan ere, 2020ko irailean Dortmunden estreinatu zuten Fordlandia ikuskizuna eurek sortutakoa baita, konfinamenduko hilabeteetan gorpuztutakoa, Lacarra Zumaian zegoela eta Golding berriz Amsterdamen.

"Une latzak izan ziren, eta depresioan erortzen utzi ordez, aspalditik nahi genuen zerbait egitea erabaki genuen, Jóhann Jóhannsson konpositorearen Fordlandia pieza topatu genuenetik, hain zuzen ere. Halaxe esan zidan Matthewk: noiz egitekotan, oraintxe, azaldu zuen.

Muntaian ikusten diren irudiak Altin Kaftira artista bisualak filmatu zituen Herbehereetako baso batean eta Zumaiako flyschean, baita Dortmundeko antzoki huts batean ere. Dantzatzen dituzten sei piezetatik bost sortu berriak dira.

Horretarako, Anna Hop, Yuri Possokhov eta Juanjo Arqués koreografoak gonbidatu zituzten Lacarrak eta Goldingek. Chopin herrikidearen musika oinarri hartuta, Anna Hopek burutu zituen hasierako bi piezak, Stillness eta Close, "hutsean eta distantzian sakontzen dutenak".

San Francisocoko Balletean Lacarraren lankide eta partenaire izandako Yuri Possokhov ukrainarrak sortutakoa da Snow Storm. Alexander Pushkinen ipuin batean oinarritutako maitasun istorio triste bati buruzko bitarako pausua da, Georgy Sviridoven musikarekin.

Juanjo Arqués koreografo mur-tziarrarena da, berriz, Fordlandia, orain leku galdua den Henry Ford enpresariak Brasilen sortutako hiri utopikoari erreferentzia eginez; Pile of Dust ere berak egindakoa da, horretarako ere Jóhann Jóhannssonen musika erabiliz.

Eta amaiera ezin bikainagoa borobiltzeko, Arvo Pärt-en musika erabiliz Christopher Wheeldon koreografo ingelesak New York City Balleterako sortutako After The Rain.

Lana Kursaaleko auditoriumean eskainiko dute Victoria Eugenian aforo murriztuarekin aurkeztu ondoren