Síguenos en redes sociales:

Zumaiak ZKOOP egitasmoa izango du

-Zumaiako Udalak eta Olatukoop sareak ZKOOP egitasmoarekin ekonomia soziala, tokiko garapena eta ekintzailetza kooperatiboa sustatu nahi dituzte, eta bide hori herritarren ondoan egin nahi dute. Ekimena abiatzeko, Zumaia ekonomia sozialerantz jardunaldia egin dute aste honetan zehar Gizarte Zentroan (Hogarrean, bertan kokatuko delako elkarlanerako zentro eraldatzaile berria). Oinarriak jarrita, bihar abiatuko da ZKOOP fabrika, bost saioko formakuntza.

Ekonomia sozialean interesa duten herritar eta eragile guztiei zuzendutako saioak izango dira, eta gonbidapen berezia egin diete proiektu profesional bat edo ekimen sozioekonomiko eraldatzaile bat martxan jarri nahi dutenenei. "Ideia bat duten taldeak zein norbanakoak izango dira ongietorriak", azaldu dute Udaletik. Izan ere, egitasmoaren baitan proiektu kolektiboak hobestuko badira ere, indibidualki datozen pertsonen ideia edo proiektuak, proiektu kolektiboak bihurtzeko bidea zabaldu daiteke.

Formazio saioak euskaraz eskainiko dituzte, eta parte hartu nahi dutenek mezu bat bidali beharko dute zkoop@olatukoop.eus helbide elektronikora edo 645 719 519 telefono zenbakira deitu dezakete.

Behin formakuntzak amaituta, maiatzetik aurrera ekintzailetza ideiaren bat aurrera eraman nahi duten zumaiarrei behar duten bidelaguntza eskainiko die ZKOOPek, bai aholkularitza pertsonalizatuaren bidez eta baita elkarlan zentroan leku fisikoa eta baliabideak eskuragarri jarrita. Herritarren beharrei erantzungo dien ekonomia lortzea izango da guztiaren ardatza.