- Hondarribiko Udala osatzen duten alderdi guztiek (EAJ, Abotsanitz, PSE-EE eta EH Bildu) erabateko gaitzespena adierazi zuten atzo joan den ostiralean Muara elkartean eskegita dagoen ikurrinaren kontra egindako erasoaren aurka eta bere babes eta elkartasuna helarazi zioten elkarteari. "Beste behin ere argi utzi nahi dugu bizikidetza eta bakearen bidean horrelako erasoak ez ditugula onartzen", dio taldeek adostu duten adierazpena, eraso hau kasu isolatu bat ez dela gehituz. Izan ere, "azken urteetan jasandako seigarren erasoa da eta behin bakarrik aurkitu da erasotzailea". Horregatik, lurraldeak bizitako gatazkaren konponbidean "horrelako erasoek ez dutela lekurik", bizitza politikoaren normalizazioan ekintza hauek "soberan daudela" eta Hondarribian ikurriñaren kontrako erasoak ez direla onartuko adierazi zuten atzo talde politiko hondarribiarrek.