Síguenos en redes sociales:

Zuhaitz landaketa izango da larunbatean Munoaundin

60 zuhaitz sartuko dituzte eta parte hartu nahi duten guztiek 9.30ean izango dute hitzordua Abaraxkan

- Urteko garai hau landaketak egiteko unerik onena dela eta, Urola Bizirik natur taldeak zuhaitz landaketa antolatu du datorren larunbaterako Kukuerri elkartearen laguntzarekin. Landaketa Munoaundin egingo da; Azkoitiko Udalak herritarren gozamenerako eta gazteen natur-hezkuntzarako utzi duen lursail batean.

Urola Bizirik natur taldeko lagunek jakinarazi dutenez, 60 zuhaitz sartuko dituzte larunbateko landaketan. Ekitaldia Artadi Mintegiko arduraduna den Geert Roelsen aholkuei jarraituz egingo da eta amaitzerakoan bertaratzen diren guztientzako mokadutxoa izango da Munoaundin bertan.

Urola Bizirik natur taldeak herritar guztiak animatu nahi ditu hilaren 12rako antolatutako zuhaitz landaketan parte hartzera. Horretarako ez dago aurrez izena eman beharrik: "interesa dutenentzako hitzordua 9.30ean da, Abaraxkan".