- Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Kofradiako eta Leundaneko eraikinak zeuden eremuaren inguruan hondartzako saneamendu sistema berria ezartzeko lanak egingo ditu. Lanak gaur hasiko dira eta hurrengo ostiralera arte jarraituko dute. Obrak direla eta, trafikorako itxiko da Kaia kalea gune horretan eta, beraz, ibilgailuek Txankako bidea hartu beharko dute herritik ateratzeko.
Obra horren bidez, azken hamarkadetako arazoei behin betiko konponbidea emango die Gipuzkoako Ur Kontsor-tzioak. Izan ere, hondartzako saneamendu-sarea 90eko hamarkadan ezarri zen. Hango ur zikinak biltzen dituen hodia Muntoko ibilbidean barrena sartu zen, bost metroko sakoneran, baina moila inguruan oso arriskutsua zen sei metroko zanga edo lubakia egitea, eta behin-behineko irtenbide bat eman zitzaion, gerora hainbat arazo sortu izan dituena.
Orain, ordea, Kofradiaren eraikina zein Leundanekoa eraitsi dituzten honetan, arazo horiek behin betikoz konpontzea erabaki du Gipuzkoako Ur Kontsortzioak.
Azaldu dutenez, sistema berria ezartzeko, sei metroko sakoneran hondoratuko dituzte hodiak, eta mareen arabera egin beharko dute lan, segurtasun-neurri zorrotzekin. Baliteke gero ere, zenbait egunetan, berriro trafikoa moztu behar izatea segurtasunagatik eta, egun horietan, herriko irteera Txankatik bideratuko da. Dena den, hala izango balitz, abisua aurrez pasako dute.
Lanek 100.000 euroko aurrekontua dute, eta Egurki enpresak egingo ditu, URAKek aginduta.