Hondarribiko aurrekontua aurrera atera da eta zenbatekoa izango den badakigu: 24.363.525 eurokoa. Hala erabaki zuen ia hiru ordu eta erdiz luzatu zen aurrekontuen Osoko Bilkurak, EAJren aldeko botuekin (9), eta Abotsanitzen (4), PSE-EEren (2) eta EH Bilduren (2) aurkakoekin.

Erabakia hartu aurretik, Abotsanitzek aurkeztutako osoko emendakina ez zen onartu, eta bai aldiz 277.200 euro inguruko hamaika mozio, lau alderdi honek aurkeztutakoak, hiru PSE-EErenak, bi EH Bildurenak eta azken biak EAJ-k aurkeztutakoak.

"Eskerrak eman nahi dizkiet aurrekontu proposamena landu duten guztiei, bereziki Juan Mari Altuna zinegotziari, pandemia eta ziurgabetasun egoera honetan landu den aurrekontua baita", adierazi zuen Txomin Sagarzazu alkateak Osoko Bilkuran, datorren urterako helburu nagusiak "pertsonak, familiak eta hiriko ekonomia indarberritzea, herritarrentzako zerbitzuak indarberritzea eta hiriaren garapena indarberritzea" direla aipatuz.

Abotsanitzek aurkako bozka eman zion "aurrekontu honek ez diolako erantzuten herriaren beharrei bere osotasunean. Ez dio errealitateari erantzuten baliabideen aldetik, gardentasunaren ikuspegitik egin beharreko kontrol edo jarraipenari zailtasunak eragiten die".

PSE-EEk ezetza eman zion aurrekontuari, "ez diolako hiri honek dituen beharrei erantzuten, edukin aldetik hutsa da eta ez dute balio covidaren pandemiak sortutako krisiari indarrez aurre egiteko".

EH Bildu ere aurka agertu zen: "Presaz iritsi zaigu Udalbatza. Negoziatzeko zailtasunak ditugu, eta aurrekontu hau kontserbadorea eta kontinuista da, ausardia falta zaio".