Lau fitxaketa egin ditu Urola futbol taldeak hurrengo denboraldirako. Lauak goierritarrak dira eta denboraldi berezian iritsi dira bi arrazoirengatik: taldeak 50. urteurrena ospatuko du eta Zumarragako Udalak zelaiko belar artifiziala berrituko du.

Entrenamenduak joan zen astean hasi zituzten eta aste honetan ere entrenatu dute. Abuztuaren 12ra arte jokalari bakoitzak bere kontura lan egingo du, eta abuztuaren 16an Argixaora itzuliko dira, astean hiru lan saiorekin.

Entrenatzaileak Igor eta Jon Caballero eta Enrike Agirre izango dira. Delegatua, berriz, Mele (Manuel Fernandez) izango da.

Hainbat baja izan dira taldean eta haien hutsuneak betetzeko, kanpoko lau gazte fitxatu dituzte. Urolaren bigarren taldeko eta gazte mailako taldeko zenbait jokalari ere arituko dira lehen taldean, beti bezala.

Aipatutako lau gazteak Beasain Kirol Elkartetik heldu dira. Bata atezaina da, Beñat Agirre, eta beste hirurak aurrelariak: Beñat Peralto, Ander Azurmendi Atxur eta Alberto Medina. Taldea utzi duten jokalariei dagokienez, batzuk urte asko eman dituzte Urolan: Ander Badiola, Asier Martin eta Markel Oruesagastik, hain zuzen ere.

Denboraldi-aurrean lau lagunarteko partida jokatuko dituzte: abuztuaren 25ean Ordiziaren aurka, 28an Oñatiko Aloña Mendi taldearen aurka eta irailaren 1ean Antzuolaren aurka.

Irailaren 4an 50. urteurreneko torneoa egingo dute. Txapelketa horretan Touring, Ilintxa eta Urola taldeek parte hartuko dute. 16.30ean Touringek eta Ilintxak jokatuko dute, 17.30ean Urolak eta Touringek eta 18.30ean Urolak eta Ilintxak. Egun, berean, 10.00etan, aurtengo kamisetak aurkeztuko dituzte. 10.30ean nesken lehen taldeak Arizmendiren aurka jokatuko du eta 13.00etan lore eskaintza egingo dute.