Zeraingo Oiharte Sagardotegiak aurkeztu zuen atzo bere euskal sagardo ekologikoa. Horretarako, Markesa (horrela deitzen da sagardoa) aurkeztu zuen goizean. Izaera handikoa eta orekatua dela bermatu dute.

Zerainen, garai batean Markesarenak ziren lursailetan dauden sagarrondoetako sagarrez egindako sagardoa da, lau sagar mota desberdin uztartzen dituena: Urtebi Haundi eta Txikia, Txalaka eta Gezamina sagarrak.

Markesa Euskal Sagardoa ekologikoa da, Oihartek bere sagarrak era ekologikoan ekoizten baititu. Ekologikoa izatearen helburua kalitatezko produktu osasuntsu bat eskaintzea da.

Oiharten ospatutako aurkezpenean, Haritz Eguren eta Maite Retolaza, sagardotegiko jabeak; Mikel Garaizabal, sumellerra; Javier Plasencia, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria; Mikel Arrillaga, Hazi fundazioko marka eta merkatuak arloko arduraduna; Iñaki Labaka, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ahaldun Nagusiaren gabineteko aholkularia; Jon Ubide, Goierri Turismo Agentziaren Turismo teknikaria; Unai Agirre, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzailea; Amaia Zubeldia eta Olatz Mitxelena; Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko teknikariak izan ziren bertan.

Bestalde, Arantzazu Mujika biolin joleak, eta Aitor Mendiluze bertsolariak ekitaldia girotu zuten.

Markesa oso egokia da edozein jatetxeetako kartarako, haragi eta arrainekin uztarteko, zein beste hainbeste produktuekin kontsumitzeko”, adierazi zuten adituek. “Trago luzeko sagardoa da, txinparta ondo barneratuta duena, 10-12 gradu artean edateko aproposa, posible bada kopan edo edalon-tzi zabalean”, gehitu zuten.

Zerainen kokatuta dagoen sagardotegi gaztea da Oiharte. Haritz Eguren eta Maite Retolazak zuzentzen dute, eta 2010. urtetik bertako sagardoa merkaturatzen dute. Beraiek izan ziren Euskal Sagardoa latan komerzializatzen hasi ziren lehenak. Gainera, Euskal Sagardo ekologiko eta premiuma dute, eta Euskal Sagardoaz ez ezik, sagardo aparduna eta izotzezeko sagardoa ere bai. Orain, gama altuko Markesa Sagardoaren txanda heldu da.