Hernaniko saltokiek etxeetara banaketa zerbitzua martxan dute
Eskura-ematea arratsaldez, astelehenetik ostiralera, egingo da triziklo baten bitartez
- Hernaniko Udalak, Berriak merkatari elkarteak eta Txita enpresak atzo etxez etxeko banaketa sistema jasangarria aurkeztu zuten. Herrirako zerbitzu berri hau jadanik martxan da eta 45 establezimenduk izena eman dute.
Banaketa zerbitzua laguntza elektrikoa duen triziklo baten bidez egingo da. Triziklo honek egitura bat du aurrealdean, eta herriko saltokietako produktuak Hernaniko etxeetara eramatea ahalbidetuko du. Hori bai, produktu beroak edo izoztuak ez dira oraingoz banatuko.
Zerbitzua Hernaniko establezimendu guztientzat dago irekita eta astelehenetik ostiralera emango da. Paketeak erosleen etxeetan 18.30etik 20.30era entregatuko dira, beti ere eskaera 18.00ak baino lehen egiten bada. Trizikloaren tamaina kontuan hartuta, kalkulatzen da egunero hamabi eta hamabost entrega egin daitezkeela bi orduko tarte horretan.
Zerbitzu honek Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren hasierako laguntza ekonomikoa izango du, eta, horregatik zerbitzuak ez du saltokientzat kosturik edukiko lehen sei hilabeteetan. Ondoren, balantze bat egingo da eta behar diren egokitzapenak egingo dira.
Patxi Ibarguren zinegotziak azaldu zuenez, momentuz 45 negoziok eman dute izena zerbitzuan, “baina kanpaina bat egiten ari gara merkatariekin eta espero dugu laster askoz gehiago izatea”. Zerbitzuan izena eman nahi duen merkatariak Udaleko Merkataritza Arloko bulegora joan beharko du (Biteri kultur etxea). Bezeroek, aldiz, zuzenean dendarekin harremanetan jarriko dira.
Berriak elkartetik gogorazi zutenez, lehengo astean erakusleiho digitala martxan jarri zen, denden presentzia areagotzeko. Banaketarekin saltoki eta bezeroen arteko harremana sendotu nahi da, baina bi zerbitzu desberdin direla esan zuten.
Temas
Más en Gipuzkoa
-
Angulas Aguinaga obtiene la medalla de oro de Ecovadis por sus prácticas sostenibles
-
Se denuncia una desaparición. ¿Cómo trabaja la Guardia Municipal de Donostia?
-
Se invertirán 1,4 millones en la reforma de la cubierta del velódromo de Donostia
-
Dos detenidos en Donostia tras ser sorprendidos forzando la puerta de una vivienda para robar