XXVIII. Idiazabalgo Txistulari Alardeaz gozatzeko aukera egongo da Zelaa Kiroldegian
- Idiazabalgo Udalak atzo jakinarazi zuen San Blas jaiaren baitan antolatzen den eta jende gehien erakartzen duen Txistularien Alardea ospatuko dela, “jaietako batzordearen adostasunarekin eta segurtasun neurriak zorrotz betez”. Gauzak horrela, urtarrilaren 23an, larunbata, arratsaldeko 19.00etan XXVIII. Idiazabalgo Txistulari Alardeaz gozatzeko aukera egongo da Zelaa Kiroldegian.
Egungo egoera kontuan hartuta, edukiera mugatu egingo da, noski. Hala, 130 idiazabaldarrek gozatuko dute zuzeneko kontzertuaz. Zein-tzuk joan ahalko diren erabakitzeko zozketa egingo dutela aurreratu du Udalak. Izen-ematea beharrezkoa izango da “banaka edo binaka, hau da, etxebizitza berean bizi diren bi kide”, gaineratu dute.
Epea urtarrilaren 11an zabalduko da eta lau egunez apuntatzeko aukera izango da: urtarrilaren 11tik 15era. Horretarako liburutegira jo beharko da 10.00etatik 12.00etara goizez, eta arratsaldean ere bai, 16.30etatik 19.00etara. Telefonoz ere hartuko dituzte izen-abizenak, 943 187 099 zenbakian.
Urtarrilaren 18an egingo da zozketa, eta Udala harremanetan jarriko da kontzerturako txartela lortu dutenekin. “Ikusle doazenek liburutegitik pasa beharko dute sarrera bila”, ohartarazi dute.
Ikuskizun paregabea eskaintzen dute urtero Zelaa kiroldegian. Idiazabalgo Txistulari Alardeak ibilbide luzea du, eta errotuta dagoen ohitura da. Normalean, txistulari ohiek emanaldia hasi baino lehen ibilbidea egiten dute herrian barrena txistua joz, eta ondoren kiroldegira joaten dira. Aurten, kontzertua izango da bakarrik; nahiz eta San Blasak ez ospatu, herritarrei aukera emanez kontzertuaz goza-tzeko.