- Datorren asteartean eta urtarrilaren 19an jarriko diete koronabirusaren txertoa Argixao adinekoen egoitzako erabiltzaile eta langileei, non gehienek txertoa jartzea erabaki dute.

Hala jakinarazi zuen asteazkenean Carmen Hernandez adinekoen egoitzako zuzendariak, Mikel Serrano Zumarragako alkatearekin egindako prentsaurrekoan.

Koronabirus kasurik ez dagoela eta horri esker egoiliarrek astero bi bisita eta bi irteera dituztela ezagutzera emateko egin zuten agerraldia. Irteerak egin ahal izateko, Zumarragako Udalak 300 metroko ibilbide bat markatu du adinekoen egoitzaren inguruan. Hala, egoiliarrek, senitartekoek eta langileek toki seguru bat dute aire librean ere.

Serranok aurreko legealdian atseden toki bat egin zutela gogoratu zuen. "Argixao adinekoen egoitza 2008an egin zen eta barrualdean parke bat du. Guk beste bat egin genuen kanpoaldean, egoiliarrek eta beraien senitartekoek aire librean toki gehiago eduki dezaten".

Hernandezek ez zutela koronabirus kasurik eman zuen ezagutzera. "Koronabirus kasu bat dagoen bakoi-tzean unitate hori itxi egiten da eta unitate horretako egoiliarrek bisitak jasotzeari eta egoitzatik irteteari uzten diote", azaldu zuen Argixao adinekoen egoitzako zuzendariak.

Zumarragako Argixao adinekoen egoitzan 56 koronabirus kasu egon dira orain arte:? 43 udaberrian izan ziren eta 13 udazkenean. 18 lagun hil dira koronabirusak jota.