Orioko Mendibeltz futbol zelaia, erabilgarri
- Belar artifizial berria jarri dute Orioko Mendibeltz futbol zelaian eta zenbait lan gehigarri ere egin dira: Udalak hautsitako sare perimetrala berritu du eta softboleko oinarriak eta babesak ere bai, besteak beste. Bestalde, ureztagailu berriak jarri dira eta zelaia itxita zegoela aprobetxatuz, konponketak egin dira harmailetako kristalezko sabaian eta barandak jarri dituzte, ikusleen segurtasuna bermatu eta hobetzeko.
Orioko Futbol Taldearen eskaera izan da hau guztia. Izan ere, aurreko belar artifiziala 2006an jarri zen eta zaharkitua zegoen horien esanetan.
Fielturf-Poligras enpresak egin ditu lanak, Udalak deitutako lehiaketa publikoa irabazi eta gero. Obren aurrekontua, adjudikatu zenean, 300.106,52 eurokoa zen. Ondoren, ordea, aipatutako hainbat konponketa egin dira eta beraz, % 7,7 handitu da kostua. Hala, guztira 323.286,70 eurotan likidatu da obra.
Irailaren 8an hasi ziren lanak eta hasiera bateko aurreikuspena urriaren erdialdean bukatzea bazen ere, eguraldiaren baldintzek zaildu egin dituzte eginbeharrak eta horregatik atzeratu dira obrak. Udaletik azaldu dutenez, urriaren amaierarako prest zegoen Mendibeltz, baina azaroan azken xehetasunak bukatzen aritu dira eta FIFA homologazioa lortzeko probak egin dira.
Hala, lanak amaitutzat eman dituzten arren, momentuz zelai berria estreinatzeko itxaron egin beharko dute orioko kirolariek. Pandemiak sortutak egoera dela eta, Orioko taldeek jokatzen dituzten ligak geldirik baitaude.
Bien bitartean, herriko futbol taldeak Usurbilen eta Zarauzko La Salle ikastetxean entrenatzen ibili dira eta partida bat edo beste ere Zarautzek Astiko instalazioetan duen belar artifizialezko zelaian jokatu dute.
Temas
Más en Gipuzkoa
-
Trabajo en 'auzolan' para iniciar a las excavaciones en el poblado de la Edad de Hierro de Munoaundi
-
“Sin activismo y decisión política, el euskera corre un riesgo muy importante”
-
“Hemos superado en ambición los proyectos estratégicos que marcamos”
-
“Los ecosistemas locales de cuidados retrasan el ingreso de una persona en una residencia”