Síguenos en redes sociales:

'Txakur Eredugarri' programa martxan da Beasainen

'Txakur Eredugarri' programa martxan da Beasainen

- Aste honetan aurrez aurreko bi saio egingo ditu Beasaingo Udalak. Jabe eredugarri nola izan ikasteko ikastaroa, eta sozializazio paseoak. Lehenengo kasuan, hamabi saio eskainiko dituzte txakurrentzako jabe eredugarria izaten erakutsiko dutenak, eta jabe eta txakurrek parte hartuko dute. Astearteetan egingo dira udaletxeko sarreran elkartuta, 19.00etan, eta aurrez aurrekoak izango dira. Gaur eta hilaren 27an; azaroaren 3, 10, 17 eta 30an; abenduan 1, 15, 22 eta 29an eta urtarrilean 12 eta 19an izango dira saio hauek. Parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Udalaren webgunearen bidez, bertan azalduz zenbat txakurren jabe diren, eta zein arrazatakoak diren ere zehaztu beharko da.

Ekimen honekin animali hauen jabeei erakutsiko zaie nola jokatu behar den egoera desberdinetan, egoeraren kontrola ez galtzeko eta beste bizilagunekin elkarbizitza errazagoa izateko asmoarekin.

Bigarren ekimena, berriz, sozializazio paseoak izango da. Ostegun honetan hasiko da, hilaren 22an, eta datozen ostegunetan errepikatuko den ekintza izango da. Jabeak eta txakurrak Loinazko San Martin plazatik abiatuko dira arratsaldeko 19.00etan eta parte hartzea irekia da; ez da aurrez izena eman beharko, nahiz eta segurtasun neurri guztiak mantenduko diren.

Orain arte programa honen baitan egin diren ekintzak hitzaldiak izan dira, Beasaingo Kangune zentroarekin elkarlanean. Aste honetan, baina, ekimen zehatzei hasiera emango zaie. Programa honen helburua udalerrian elkarbizitza hobetzea da txakurra dutenen eta ez dutenen inguruan, eta, era berean, jabeek animalia eta haren jarduteko modua gehiago ezagu-tzeko aukera izatea.