Ez da inoiz erraza izaten herri berri batera bizitzera joatea erabakitzea. Herritarrekin hartu-emanak hastea ekartzen du horrek, ingurunea ezagutu beharra, dituen denda eta komertzioak zeintzuk diren jakitea, etab. Erraztasuna duenarentzako ez da zailtasuna izango, baina lehen pauso hori gordina izan ez dadin, Harrera Egunak antolatzen dituzte hainbat herrik. Esaterako, Itsasondok urteak daramatza ekimen hau egiten, eta orain Zaldibia ere batu egin da.

Hala, irailarekin batera, iaztik orain arte erroldatu diren zaldibiar guztiei ongi etorria eman eta herriak dituen aukerak erakutsi dizkiete, integrazioa errazagoa izan dadin. Nahiz eta lehenengo edizioa izan den, urtez urte mantendu nahi den tradizioa da, eta oraingo honetan COVID-19ak eragina izanda ere, balorazio positiboa egin dute.

Udal ordezkariak eta herritarrak zein uneko itzulpenak egiteko prest agertu ziren beste herritar batzuk udaletxe azpiko arkupeak hartu zuten abiapuntu. Zaldibiako herrigunea ezagutzeko asmoz, gune interesgarriren bat zegoen bakoitzean bertan egin zuten geldiunea eta, bide batez, udal zerbitzuen inguruko informazioa jaso zuten eta zaldibiarrek zein erronka eta balio dituzten ere zehaztu zituzten.

Zubi zaharrean geldialdia egin eta bertan herriaren izenaren jatorriaren nondik norakoak adierazi zizkien partaideei, eta ezin utzi albo batera Zaldibiako ingurunea: hala, ura zein baserria, eta herriko altxor eta oinarrien inguruko aipamenak ere egin zituzten ibilbidearekin jarraitzen zuten bitartean.

Zaldibiako herrigunea ez da handia eta ondo konektatuta dagoenez, hilerri ondora jarraitu zuen taldeak. Auzolanaren berri eman, kultu, sinesmen eta heriotzak herrian zein trataera duten adierazi, eta Biloreren eraikin zaharraren historian eta etorkizunean murgiltzeko aukera izan zuten. Azken honek zeresana eragin zuen, izan ere, oraindik eraikinaren dimentsioek harridura sor-tzen dute. Handik, antzoki aldera hartu zuten, hortik igaro, Itoitz etxea ikusi, eta Santa Fe kalera joan ziren, bertako komertzioak eta dendak ezagutuz. Ez zituzten ahaztu Kimuene eta Olalde parkea.

Hala, bisita gidatuari esker herriaren ikuspegi zabala jaso zuten azken urtean Zaldibian erroldatu direnek, herrian ahalik eta bizitza gehien egin dezaten bultzatuz, eta herritartasuna sustatuz.