- Udalekurik gabeko uda honetan, ekintzaz betetako egitarau baten bidez antolatu du Udalak herriko haurrentzat. Uda bizia izena du egitasmoak eta kirol eta kultura du oinarri.
"Ohiko udako jarduerak ez antolatzea erabaki genuen, haurren beharrei eta udalekuen berezko helburuei ez baitzien erantzungo osasun irizpideen arabera egin beharko genituzkeen jarduera horiek. Aldi berean, inoiz baino garrantzitsuagotzat jo genuen haur eta gaztetxoei begirako aisialdia kanpaina bat antolatzea, azken hilabeteetako zauriak ixten eta errealitate berrira egokitzen hasteko", agertu dute Udaletik.
Uztailarekin batera hasi zen ekintza sorta, eta uztailaren 24a bitarte luzatuko da. Sarrera mugatuta, adinka egunak bereizita eta ordutegiak ugalduta jende pilaketak saihesten dabiltza zaldibiarrak.
Urpekakariak bertso-antzerkiarekin hasi zuten zerrenda, eta Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariaren bisita ere izan dute herrian. Mota anitzeko ekintzak osatu dituzte, eta ezaugarri komunak izango dituzte guztiek: aire zabalean egingo dira, naturan, euskaraz eta osasun irizpideak betez.
Astelehenean, hilak 13, Txatxilipurdi taldeak Munduan Berbena eskainiko du, 11.00etan, Parke Botanikoan. 14ean, buruarinak egiteko tailerra burutuko da, hau ere parke botanikoan. 10.00etatik 12.00etara Haur Hezkuntzako 2 eta 3 urtekoei zuzenduko zaie, eta 16.00etatik 18.00etara lau eta bost urtedunei.
15ean, bestalde, drone ikastaroak egingo dira Resti pilotalekuan. Lehen Hezkuntzako seigarren mailakoentzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailakoei zuzenduko zaie saio hau. Ibilaldi eta bertso saioak ere gehituko dira egitarauan.