- COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoerarengatik, Oporrak bakean programa bertan behera geratu da. Hala ere, Oiartzungo Udalak Saharako herriarekin duen elkartasun konpromisoa ez da bertan behera geratuko horregatik. Oporrak bakean programara bideratzekoak ziren 5.480 euroak Saharako errefuxiatuei laguntzeko erabiliko dira, El-Watan elkartearekin elkarlanean.

Ilargi Erdi Gorriari bideratu zaio diruaren zati bat, janaria erosi eta errefuxiatu guneetan banatu dezan. Izan ere, COVID-19aren pandemia eta konfinamenduarengatik, nazioarteko laguntzarik ez da ailegatu errefuxiatu guneetara denbora batean, eta janari eskasia handia bizi dute. Bestetik, Oiartzunen Oporrak bakean uda pasatu behar zuten zortzi haurrei maleta bana bidaliko zaie janariarekin, arroparekin eta eskolako materialarekin.

2002az geroztik laguntzen du Udalak Oporrak bakean programa. Udalak hegazkin-txartela ordaintzen du. Familien bilaketa eta egonaldia El-Watanek kudeatzen ditu.