- Udarako egin ohi den ordutegia moldatuko du Usurbilgo Oiardo kiroldegiak: batetik, irekita egongo da larunbat arratsaldeetan, eta, bestetik, ez dute itxiko abuztuan. Izan ere, COVID-19ak baldintzatutako urte honetan, hiru hilabetez itxita izan da kiroldegia, eta hori konpentsatu nahi izan dute bi erabaki horiekin.
Horrez gain, haur eta helduei zuzendutako kirol eskaintza ere egin dute: bihartik igandera bitartean eman beharko da izena, Internet bidez (estaka usurbil.eus webgunean aurki daiteke).
Uztailaren 1ean jarriko dute martxan udako ordutegi berria. Dena den, uztaileko lehen egunetan eskubaloiko pista ezingo da erabili: uztailaren 2an bertan, Santixabel egunean, ez da inolako kirol jarduerarik egingo, nahiz eta irekita egongo den Kultur Birako ekitaldietarako; hilaren 3an eta 4ean ere ezingo dute kirolik egin eskubaloi pistan, arrazoi beragatik. Gainera, uztailaren 12an Udarregiko hauteslekuak eskubaloi pistan jarriko dituzte.