DONOSTIA. Hiri osoan su bakarra baimendu zuten atzo San Joan bezpera ospatzeko: Parte Zaharreko Konstituzio plazan. Pandemiak behartutako distantziak eta segurtasun neurriek baldintzatutako ekitaldia izan zen, hotzagoa, solemneagoa, tristeagoa, sinbolikoagoa eta koronabirusaren ondorioz hildakoak gogoratzeko ere balio izan zuena.Zuhaitza bazegoen, lizarra, beti bezala, plazaren erdian; eta txistu hotsak eta dantzariak ere bai. Zozketa bidez aukeratutako 120 ikusleak, berriz, eserita zeuden, tarte handiak utzita bata eta bestearen artean: plaza erdi hutsik zegoela zirudien. Haien inguruan telebista kamerak ere bazeuden, lehenengo aldiz ETBk ekitaldia zuzenean eskaini baitzuen.

Donostiako Udalbatzako taldeen ordezkariak plazan sartu (Eneko Goia alkatea buru zutela) eta Alkate soinuaren noten ondoren, minutu bateko isilunearekin abiatu zuten ekitaldia, pandemiaren biktimak gogoratzeko. Ondoren, ohiko sokadantza hasi zen. Baina, hori ere, moldatuta: Goizaldikoekin, hiriko dantza taldeko ordezkariak izan ziren zuhaitzaren inguruan Ohorezko Kontrapasa eta San Joan zortzikoa dantzatzeko.

Eneko Goia alkateak hitza hartu zuen ondoren: "Arbola honek denak ordezkatzen ditu, pandemian lanean aritu diren guztiak, joan diren eta sufritu duten guztiak", esan zuen, eta "esperantzaren arbola" ere bazela gaineratu zuen. Atzoko suak eta udako solstizioak "bizitza hobea" badatorrela iragartzen dutela ere esan zuen alkateak.

Sua piztu eta sugarren inguruan fandango eta arin-arin erritmoak hasi zirenean betiko kutsua hartu zuen, une batzuetan, San Joan bezperako ekitaldiak. Baina ikusleek ezin izan zuten kalejirarekin bat egin (zapiei helduta egin zuten dantzariek) eta eserita jarraitu zuten, parte hartzeko aukerarik gabe, ikuskizunari begira. Hala ere, zuhaitzaren ezpalak banatu zizkieten bertaratutakoei.

Bitartean, Donostiako Udaleko Txistulari Taldearen musikak eta Orfeoiaren ahotsek hartu zuten Konstituzio plaza. Horrela amaitu zen uda honetako eta normaltasun berri honetako jai giroko eta kalean egindako lehen ekitaldia. Sentsazio arraroarekin utzi zuten plaza ikusleek, baina badirudi horrelakoetara ohitu beharko dugula pandemiak baldintzatutako uda honetan.