- Amasa-Villabonako Udalak kontrol neurriak hartu behar izan ditu egunotan Komizar parkea zabor eta hondakinekin zikindu delako.

Azken aldian parkeko hainbat erabiltzaileren jokabide zikin eta arduragabea dela medio, egun ugaritan hondakin eta zikinkeria asko bota eta sakabanatu da. Honen ondorioz, Udaleko garbiketa zerbitzuek lan handia egin behar izaten dute ingurunea garbi mantentzeko.

Egoera hau behin eta berriro errepikatzen dela egiaztatuta, Udalak kontrol neurriak ezartzea erabaki du. Horrela, Komizar parkeko mahaiak zenbakitu egin dira, mahai bakoitzak bere zebakia izango duelarik. Udaltzaingoko agenteak bertara joango dira eta mahai bakoi-tzeko arduradun bat identifikatuko dute. Ondoren, ordu batzuk igarota, udaltzainak berriro joango dira parkera, egoera ikuskatzera.

Mahai horretan edo inguruan zikinkeria edo hondakinak antzematen badira, dagokion isuna ezarriko zaio identifikatua izan den pertsonari.

Udaltzaingoak mahai bakoitzean karteltxoak ezarri ditu neurri hauen berri emateko. Honen ondoren hondakinen arazoa ez bada konpontzen, U dalak ez du baztertzen neurri zorrotzagoak ezartzea eta parkera kotxez igotzea galaraztea.

Bestalde, gogorarazi dute debekatuta dagoela sua egitea horretarako ezarritako parriletatik kanpo. Izan ere, behin baino gehiagotan ikusi da sua lurrean egin dela.

Amasa-Villabonako Udalak arduraz jokatzeko deia egin nahi die Komizarko eta ingurune naturaletan kokatutako beste espazio publikoetako erabiltzaileei: "Inguru naturala errespetatu eta zaindu behar da, sortzen diren hondakinak jasoz eta edukiontziak erabiliz".

Ostiralean desinfektatu zituzten herriko haur parke guztiak eta alarma egoera amaituta, zabaldu egin zituen Udalak. Garbitzaileek astean bitan garbitu edota desinfektatuko dituzte eremu gutziak, gune seguruak izateko.