- Uztailaren 3an Urola Gustagarri egitasmoaren ekitaldi berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute Urola Erdia eta Kostako bizilagunek "bailarako ekoizleen eta jatetxeen jardunak bateratu eta bertako produktuak balorean jartzeko". Egun horretan artisau ogiaren gaineko xehetasunak gertutik eta zuzenean ezagutu ahal izango dira, bai Azpeitiko Azoka plazan bai norberaren etxetik (streaming bidez jarraitu ahalko da urolagustagarri.eus web gunean).
Edonola ere, jardunaldia 20.00etan abiatuko da Azpeitiko Azoka plazan. Hasteko Aitziber Aizpuru nutrizionistaren hitzaldia egongo da eta horren ondoren Sokala, Irure Txiki eta Mokoroa okinen azalpenak izango dira, beti ere, ogi artisauen dastaketa batekin amaitzeko. Dastaketa plazan bertan edo etxean egin ahalko da baina horretarako izena eman beharko da aurrez, urolagustagarri.eus web gunean dagoen formulario betez eta 5 euro ordainduta. Izena ematen dutenek uztailaren 3an bertan joan beharko dute dastaketa egin ahal izateko banatuko duten ogi sortaren bila Azpeitiko Azoka Plazan kokatuta dagoen Elikagunera edo Zarauzko Lakari dendara.