"Udalak plangintza berezi bat prestatu du datozen egunotan pilaketak saihesteko helburuz"
Udaletik gogora ekarri dutenez, Eusko Jaurlaritzak alarma egoeraren amaiera dekretatu berri duela kontuan hartuta, udal zerbitzuak apurka-apurka bere onera itzultzen hasi dira, saltokiek eta ostalaritza establezimenduek ere irizpide laxagoak dituzte jarduteko eta herritarrak kalera irteten hasi dira, lehengo bizimodua berreskuratu nahian.
Gainera, udararen atarian gaude, eskola oporrak ere hasi dira eta pandemiaren inguruan azken aldian jasotzen ari garen mezu baikorrek COVID-19ak kutsatzeko arrisku per-tzepzioaren arintzea ekar dezake. Hortaz, jende gehiago ateratzen da kalera eta gizarte-urruntze neurriak ez dira beti betetzen.
"Hori ez gertatzea herritar guztion ardura da, baina Udalak, bere aldetik, plangintza berezi bat prestatu du datozen egunotan pilaketak saihesteko helburuz", aditzera eman dute Udaletik. Horrela, herriko alkateak eta Merkataritza arloko zinegotziak herriko ostalariekin bilera bat egin zuten ardura hori konpartitzeko. 25 bat ostalarik parte hartu zuten bertan eta tabernetako ordezkariek konpromisoa hartu zuten aforoa kontrolatzeko eta segurtasun neurriak errespetarazteko. Udalak, bere aldetik, indartuko du Udaltzaingoaren presentzia eta kontrola kalean.
Horretaz gain, Udalak gogorazi nahi du ez dagoela jairik. Beraz, eskaera bat egin nahi die beste urteetan kanpotik herriko jaiak erakarrita etortzen direnei: mesedez, haien herrietan gelditu daitezen, Hernanira ez daitezela etorri.
Halaber, kalean ezin dela edan gogorazi nahi du Udalak eta, beraz, kedadak eta botiloiak zorrotz kontrolatuko direla jakinarazi du.
Alabaina, nahiz eta jaiak bertan behera gelditu hernaniarrentzat bereziak diren egun hauetan kulturaz disfrutatzeko, Udalak Kulturaz gozatu, elkar zaindu egitaraua prestatu du. Horrela, bihar haurrei zuzendutako Demode Quartet taldearen Epa Txiki ikuskizunaren bi emanaldi izango dira.
Asteazkenean, bertso jaialdia eta Kilimak eta Xabi Solaren kontzertua antolatu dira.
Amaitzeko, ostegunean, Bitartean folk taldearen emanaldia egongo da.
Sarreren zozketan parte hartzeko Udalaren webgunean izena eman behar da.
Udaltzaingoaren kaleko presentzia areagotuko da eta tabernek zorrotz beteko dituzte segurtasun neurriak eta aforoaren kontrola