'Kultura gozatu, elkar zaindu' programa prestatu du Hernanik
- COVID-19aren pandemiarengatik San Joan jaia bertan behera geratu denez, egun hauek bereziak izateko eta udarari ongietorria emateko Hernaniko Jai Batzordeak Kultura gozatu, elkar zaindu programa prestatu du, hilaren 20tik 25era.
Honenbestez, ekainaren 20an, larunbatean, Chillida Lekun izango den Iceberg dantza ikuskizunak zabalduko du egitaraua. Bi saio izango dira, bat 12.00etan eta bestea, 20.00etan. Hernaniarrek lehentasuna izango dute ikuskizun honetan, aforoaren erdia baino gehiago hernaniarrentzat erreserbatuta egongo delako eta prezio bereziak eskainiko zaizkie. Sarrerak dagoeneko Biteri kultur etxean eros daitezke goiz eta arratsaldez. Koro Etxeberriak, Kultura zinegotziak, atzoko agerraldian, Chillida Lekuk Hernaniko herriarekin irekiera honetarako izandako begirunea eskertu zuen.
Egitarauak datorren astean jarraituko du, ekainaren 23, 24 eta 25ean. Herriko taldeak izango dira nagusi. Honela, ekainaren 23an, San Joan bezperan, 11.45ean alkatearen agurra zuzenean streaming bidez www.hernani.eus helbidean edo irrati bidez 91.8 Mhz frekuentzian entzuteko aukera egongo da.
12.00etan omenezko suziriak botako dira auzoetan musika banda, musika eskolako musikari eta txistulari bandarekin. 20.00etan ere zenbait saio eskainiko dituzte.
Beste aldetik, 17.00etan eta 19.30ean, Demode Quartet taldeak familien-tzat Epa Txiki ikuskizuna eskainiko du kiroldegiko pistan.
Ekainaren 24ean, besteak beste, bertso jaialdia izango da Atsegindegin 18.30ean eta 20.00etan kiroldegian Kilimak taldeak eta Xabi Solanok kontzertua eskainiko dute.
Azkenik, ekainaren 25ean, Bitartean folk taldeak kontzertua eskainiko du 20.00etan. Ondoren, Iñaki Salvadorrek herriko Garbiñe Insausti eta Nahia Valle abeslariekin batera egun honetarako espreski sortutako emanaldia oparituko dute.
Emanaldi guztiak eserita izango dira eta aldez aurretik izena eman behar da (www.hernani.eus, 943 552 962, hernanikultura@gmail.com). Jasotako izen guztien artean zozketa egingo da.
Egitarau osoa www.hernani.eus webgunean ikus daiteke.