- Koronabirusak eragindako ezohiko egoerara moldatuta bada ere, antzerkizaleek Zestoako Antzerki Astearen edizio berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute hilaren 30etik uztailaren 3ra bitartean. Aurtengoan lau antzezlanekin gozatzeko parada egongo da kultur etxe aurrean eta interesatuek dagoeneko eskura ditzakete horietarako sarrerak Turismo Bulegoan. Ikuskizun bakoitzerako sarreraren prezioa 8 eurokoa da baina herritarrek lau saioetarako bonoa eros dezakete, 26 eurotan.
Horretaz aparte, Eromen konpainiaren antzezleek eskainiko dituzten akzio poetikoak egongo dira aurtengo Antzerki Asteko egun guztietan herriko kale eta plazetan. Emanaldi horietarako sarrera doanekoa da baina segurtasuna bermatzeko jarleku mugatuak izango direnez herritarrek aurrez jaso behar dute gonbidapena Zestoako Turismo Bulegoan.
Antzerki Astea zabaltzeko akzio poetikoa (20.00etan Zestoako kaleetan) eta Kamikaz kolektiboaren Matriuska antzezlana (22.30ean) izango dira hilaren 30ean.
Uztailaren 1ean, akzio poetiko gehiago (19.30ean Foru Plazan eta 20.00 eta 21.30ean Euskal Herria plazan) eta Elur Etxea konpainiaren Esnatu naiz antzezlana (22.30ean) egongo dira.
Hurrengo egunean akzio poetikoak (Arretxe plazan 20.00etan eta Euskal Herria plazan 21.30ean ) eta Kamikaz kolektiboaren Panpina antzezlana (22.30ean) izango dira eta uztilaren 3an akzio poetikoak (20.00etan herriko kaleetan eta 21.30ean Euskal Herria plazan) eta Xanti Agirrezabalaren Xatiro antzezlana (22.30ean).