- Bergarako Udalak udaleku irekiak eta kirol campusa bertan behera gelditu direla jakinarazi du, partaide kopuru aldetik (475 haurrek eman dute izena) "muga handiak" baitaude. Horren ordez, Uda Aktiboa izeneko programa garatu du herriko ikastetxe eta Jardun Euskara Elkartearekin batera, ekainaren 29tik uztailaren 24ra arte egingo dena.

2009-2013 urte bitartean jaiotako umeei zuzendutako ekintzak Jardunek kudeatuko ditu hiru edo lau astetan, 10.00etatik 13.00etara. Guraso biak lanean dauden familiek, banandutakoek edo arazo bereziengatik zaintza zerbitzua behar duten haurrek lehentasuna izango dute. Horiekin gehienezko kopurua beteko ez balitz, udaleku irekietan eta kirol campusean aurrez izena emanda eta horrela nahi dutenen artean zozketa egingo da. Tarifa arruntak 105 edo 140 euroko kostua du; sozialak, ordea, 45 eta 60 euro.

Haur Hezkuntzako ikasleentzako zerbitzua, aldiz, ikastetxeetan eskainiko dute tarifa berarekin. Horietan izena emateko, norberaren ikastetxera joan beharko da.