- Mutrikuko Udal Kiroldegiak hainbat material jarri ditu bere bazkideen eskura, beti ere, koronabirusak eragindako konfinamendu egoera irauten duen bitartean beren etxeetan erabiltzeko.
Aitor Itza Kirol arloko zinegotziak azaldu duenez, kiroldegiko baliabideak erabiltzaileei lagatzeko ideia Asier Illarramendi, Oihana Kortazar eta Igor Astarloa kirolariekin Udalaren Youtubeko kanalaren bitartez egin zen mahainguru batean proposatu zen: "Egoera honetan beraiek nola entrenatzen zuten azaldu ondoren, Oihanak aukera hori jarri zuen mahai gainean", gogorarazi du.
Izan ere, korrikalaria izanda, Oihana Kortazarrek egun hauetan ez dauka bere kirola praktikatzeko aukerarik eta Udalak kiroldegian dagoen korrika egiteko zinta bat eskaini zion: "Zoritxarrez ezin izan genion laga, zabalera kontuagatik zinta ez zelako Oihanaren etxeko atetik sartzen".
Hala ere, kirol instalakuntzetan dauden hainbat baliabide bazkideen esku lagatzeko erabakia hartu zuten Udal ordezkariek: "Alde batetik, pancafit modalitateko ikastaroetara joaten direnei kirol hori etxean egiten jarraitzeko 10 hamaka laga genizkien eta bestetik, spinning edo areto txirrindularitza praktikatzeko kiroldegian dauden bizikletak interesa erakusten zuten bazkideen artean zozketatzea erabaki genuen", azaltzen du Itzak berak.
Horretarako, "kiroldegiko bazkide guztiak deitu genituen zozketaren berri eman eta ea etxean bizikletaren bat izan nahiko zuten galdetzeko".
Deiak egin ondoren (181 bazkide ditu kiroldegiak gaur egun) 52 lagunek eman zuten igandean egin zen zozketarako izena eta Udal brigadako langileek aste honetan eraman dizkiete spinning-eko bizikletak zozketan onuradun izan zirenei.
Guzti horretaz gain, kiroldegiak ergometro bat laga dio arraun taldeko kide bati: "Kiroldegian bi ditugu eta biak eskaini genizkien baina arraunlari bakarra ergometro gabe zegoela ikusita bat bakarrik laga diegu. Bestea, beraz, interesa agertzen duten bazkideen artean zozketatu ahalko da", dio Itzak.