Ludoteka eta gazteleku zerbitzua "etxetik atera gabe"
- Konfinamendua irauten duen bitartean, ludotekak eta gaztelekuak beren erabiltzaileei zuzendutako proposamenak zabalduko dituzte astero, beti ere, "etxetik atera gabe eman beharreko egunak modu atsegin eta hezitzailean pasatzeko".
Alde batetik, ludotekak wasap eta Facebook aplikazioak erabiliko ditu haur eta gurasoekin harremanetan egoteko. Udaletik jakinarazi dutenez, "astelehen, asteazken eta ostiraletan, jarduera proposamen bana (eskulanak, errezetak, jolasak, esperimentuak...) helaraziko zaie ludotekako erabiltzaileei aipatutako sare sozialen bitartez". Hauek argazki edo bideo bidez jaso beharko dituzte egiten dituztenak eta ludotekara bidali, "hezitzaileek, hurrengo astelehenean, jasotakoak bideo batean bildu eta erabiltzaileekin partekatzeko".
Gaztelekuan "dinamika antzerakoa izango da", nahiz eta bertako erabiltzaileek hezitzaileekin astean behin bideo-konferentzia bidez harremana egiteko aukera izango duten. Honela, astelehenetan jarduera-proposamen bat eta erronka bat helaraziko dizkiete hezitzaileek, wasap, Instagram eta Facebook bidez, eta aste osoa izango dute erabiltzaileek egindakoen argazki eta bideoak bidaltzeko. Nahi duenak, hezitzaileekin batera eraman ahal izango ditu aurrera jarduerak, ostiraletan, (17.00etatik 19.00etara) egingo den bideo-konferentzian.
Jarduera-proposamenak eta erabiltzaileen bideo eta argazkiak soraluze.eus eta plaentxia.eus webguneetan argitaratuko dira.