- Herriko merkatariei, ostalariei, autonomoei eta negozio txikiei laguntzeko Hemengaz! izeneko ekimena jarri dute abian Aretxabaletan. "Herri bizi bat" izatea da kanpaina honen helburua, jakinik kofinamenduak gogor eragin diola saltokiak itxi behar izan dituen sektoreari. AZ Taldea eta Udalarekin batera, Aretxarte, Ekaitz Zilarmendi argazkilaria, AZK, herriko eragileak, eta kultur eta kirol taldeak daude ekimenaren atzean.

"Herritarrak Aretxabaletan kontsumitzea, bertakoa, gertukoa, gurea dena" da xedea. Horretarako, hemengaz.eus webgunea jarri dute martxan. Bertan, itxita dauden saltokietan edo ostalaritza zerbitzuetan aurrez aurreko erosketak edo erreserbak egiteko aukera dago, krisi egoerak sortutako kaltea arintzen laguntzeko asmoarekin. Ordainketa Bizum edo trasferentzia bidez egingo da, denda edo zerbitzuak irekitzen direnean kontsumitzeko.

Atzo, spota grabatu zuten balkoitik balkoira, merkatari eta ostalariei elkartasuna adierazteko.