- Egunotan asko dira denborapasa berriak asmatzen ari direnak denborari orduak kentzeko asmoz, eta horren bidean, Gabiriako Udalak ekimen berri bat jarri du martxan: Zeasma sormen eta kultura lehiaketa. Aspertuta, zer asmatu ez dakitenentzako luzatutako egitasmoa da, non sormena eta irudimena dantzan jartzea eskatzen duten. Interesa dutenek apirilaren 10erako aurkeztu behar dituzte lanak.

Lehen edizio honetarako bost sail desberdindu dituzte, adinaren araberakoak. Urte honetako amaiera hartu beharko da kontuan horretarako, beraz, guztiek aurten bete dituzten edo beteko dituzten urteak hartu beharko dute kontutan. Hala, 0-5 urte, 6-11 urte, 12-16 urte, 16-60 urte eta 60 urtetik gorakoak dira sailkatu dituzten adin tarteak. Gauza jakina da sormenak ez duela mugarik, eta horregatik osagai hori duten edonolako lanak aurkeztu daitezke; hala nola, bideoak, olerkiak, bertsoak, txisteak eta marrazkiak.

Izena banaka, binaka edo taldean eman daiteke eta pertsona bakoitzak lan bakarra bidali ahalko du. Udalbatzordeak@gmail.com helbidera edo 635 203 958 zenbakira bidali behar dira lanak, eta bozketa herrikoi bidez erabakiko dira irabazleak. Hilaren 13tik 19ra gabiria.eus webean jarriko dituzte lanak ikusgai, botoa emateko. Talde bakoitzeko irabazleek 30 euroko bonoa irabaziko dute, Lazkaoko Gerriko dendan gastatzeko.