- Ataungo Atauniker kultura elkarteak lan borobila egiten du urtean zehar herriko oroimen historikoa berreskuratu eta bizirik mantentzeko. Elkarteko kideek lan horren garrantziaren jabe dira, eta horregatik halako ekimenak betidanik bultzatu eta sustatu izan dituzte.

Gauzak horrela, koronabirusa dela eta, memoria historikoaren ildoan hutsunerik sor ez dezan, egunero emailez zabaltzen ari dira osatu duten artxibo historikoa. Hain zuzen ere, orain urte batzuetako albisteak zabaltzen dituzte. "Oroimen historikoa gogoratzearren, hemendik aurrera www.atauniker.org helbidean aurkituko dituzue albiste horiek", azaldu du Jexux Aizpurua, Ataunikerreko zuzendaritza batzordeko kideak.

Webgunean jartzen dituzten albisteei esker, ataundarrek eta interesa duen pertsona orok orain urte asko pasa ziren gertakizunen inguruko informazioa aurkitu ahalko du, erraztasun guztiekin.

Gaurko kasuan, 37 urte egingo dute atzera eta orduko berrien inguruko informazioa helaraziko dute.

Ataungo herriarekin edo ataundarrekin lotura izan zutenak agertzen dira bertan, lerro bakarrean edo bitan azalduak. Nahikoa, ordea, oroimenari astidu bat eman eta urte batzuetan atzera bidaiatzeko.

Atzoko egunez, esaterako, Imanol Apalategi Zurutuza Aita Bonifazio Ataun hil zen Donostian, soldaduskara joateko 19 gazte tailatu ziren Ataungo udaletxean, hamabi haur jaio ziren, Umarkiko zubi berria egiteko egitasmoa aurkeztu zuen; eta Joxe Martin Apalategi Begiristain Ataunen inguruko etnografia-lana egiten ari zen, batez ere, Aian eta, bereziki Aiarre baserrikoekin.

Horrez gain, Titanic Records etxeak San Martingo organo barrokoan AEBetarako diskoa grabatu zuen, Esteban Elizondok organo-jole zela, GALen mehatxuak jaso zituzten ataundar batek eta beasaindar batek gutun berean eta Pyrenaica aldizkarian Aizarte izeneko lana argitaratu zen.

Ekimen honek ere argi uzten du Ataunikerreko kideek egiten duten lana. Izan ere, ez da erraza izan halako artxibategi zabal bat osatu izana urte hauetan, eta orain herritarren eskura ere jartzea modu erraz batean, ataundarren historiaren inguruan gehiago jakin dezaten. Efemerideen bidez garai hartako hi-tzaldi zein herriko ekitaldien berri dakigu, proiektu nagusiak noiz hasi ziren lehen pausoak ematen, eta zeintzuk hil ziren ere bai. Errepaso zehatza Ataungo historiari, eta alarma egoera honek iraun bitartean guztientzako eskuragai egongo den informazio sorta, itxialdia nolabait lausotzeko balio duena, eta elkarrizketarako ere bai.