Azpeitia - Munoandi kultur elkarteak gaur bertan abiatuko du "herritarren buruak astintzeko, erreflexiorako tartea eskaintzeko edota herritarren interesekoak diren gai ezberdinak sakontasunean ulertzen laguntzeko" helburuekin urte honetarako antolatu duen hitzaldi zikloa. Horren baitan lau emanaldi egingo dira "ahal bada euskaraz". Denak 19.00etan hasiko dira, Sanagustinen.

Munoaundi elkartekoek uste dute orain arte antolatutako ekitaldiek interesa piztu dutela, baina interes hori handitzeko asmoz pauso bat haratago eman dutelakoan daude: "Ekitaldi dinamikoagoak prestatu ditugu jendearen partaidetza sustatzeko eta, 2019an hiru hitzaldik osatu bazuten zikloa, oraingo honetan lau ekitaldirekin gatoz. Lehendabiziko biak udara aurretik izango dira eta beste biak udazkenean", azaldu dute.

Edonola ere, aurtengo zikloari hasiera emateko euskarazko zinearen inguruko hitzaldi eta mahai ingurua izango dira gaur. Lehenik eta behin, Zigor Etxebeste ikusen-tzunezkoetan adituak, euskarazko filmeen historiak izan duen ibilbideaz hitz egingo du eta horren ondoren, herri mailako ikuspegi batetik euskal zinemagintzaren alorra jorratuko da belaunaldi ezberdinen begiradatik. Solasaldi horretan Xanti Rodriguez (argazkilari eta zinegilea), Paola Moto (zine teknikaria), Asier Sustaeta (Zinegilea) eta Pello Elorza (Zine klubeko kide ohia) izango dira, beti ere, "gazteak sorkun-tzara nola bideratu daitezkeen eta filmen tematikak aukeratzeko prozesuaz" hitz egingo dute.