Berrobi - Herritarrek 20.000 euroko partida zein proiektura bideratuko den erabakitzeko, Berrobiko Udalak partaidetza-aurrekontuen prozesua abian jarriko du lehen aldiz.

David de Miguel alkateak azaldu duenez, partaidetza-prozesu honen helburua da herritarrek udalaren erabakietan parte har-tzea bertako bizi-kalitatea hobetuko duten ekimenak proposa-tzea: “Udal-kudeaketa herritarrengana hurbildu nahi dugu”.

Horrela, martxoaren 20ra bitarte herrian erroldatutako 16 urtez gorako pertsona guztiek eta elkarteek parte hartu ahal izango dute. Proposamenek baldintza hauek bete beharko dituzte: Berrobiko herrira eta/edo bertako herritarrengana zuzenduta egon behar dute, Udalaren esparrukoak eta honen eskuduntzakoak izan behar dute, zehatzak eta ekonomikoki ebaluagarriak, eta gehienez 20.000 euroko kostua izan behar dute; halaber, ezin dute baztertzaileak izan genero, arraza eta antzeko arrazoiengatik. Eskaerak udal-erregistroan eta -liburutegian bertan, edo udala@berrobi.eus helbide elektronikoan entregatuko dira.

Jasotako proposamen guztiak udal-teknikariek aztertuko dituzte martxoaren 23tik apirilaren 17ra, eta ondoren, ekonomikoki baloratuko dituzte. Hautatzen diren proposamenak udaletxean egongo dira ikusgai, apirilaren 20tik 30era bitartean. Gero, herri-kontsulta egingo da, maiatzaren 4tik 8ra bitartean, gauzatuko diren proposamenak hautatzeko. Parte hartzeko orrien bidez bozkatu ahal izango da.