45 zuhaitz kimatu dituzte Matxiategin "segurtasunagatik"
Ezkien egurrean akatsak eta ustelduren sintomak aurkitu ziren Bergarako Udalak egindako azterketan
bergara - Bergarako Matxiategi pasealekuko 45 zuhaitzetan kimaketak bukatu dituzte udaleko langileek. “Segurtasunagatik” eraman dira aurrera lan hauek Udalak azaldu duen bezala.
2019ko azken txanpan Matxiategiko zuhaitz bat erori ondoren, eta aurretik ere beste bat jausi zenez, Udalak teknikari espezializatu bati eskatu zion bertako ezkien egoerari buruzko ebaluazioa egiteko, halako kasuetan erabili ohi den prozedura jarraituta. Abenduan, gainera, aipatutako pasealekuan dauden zuhaitz guztien ikuskapen zehatza egin zuten. “Erresistografoarekin neurtu ondoren, egurraren akatsak eta ustelduren sintomak aurkitu ziren, hausteko edo erortzeko arriskua ote dagoen adierazle izan daitezkeenak”, zehaztu du Udal Gobernuak prentsa ohar baten bidez.
Ebaluazio horrek ondorioztatu zuen zuhaitzen “bizitasun-mailan ez dagoela arazo berezirik”, baina Udal Gobernuaren esanetan, “arriskuak ekiditeko neurri zuzen-tzaile bezala txostenaren ondorioetan proposatzen zen ezkien udaburuak beheratzea, zuhaitzen altuera gutxitzeko eta, modu horretan, haustura eta erorketak saihesteko”. Hala, 45 arbolatan egin da interbentzio hori.
EAJ udal taldeak otsailaren 24ko osoko bilkuran Matxiategin burututako kimaketak kritikatu zituen. Beste gauzen artean, “gardentasun eza” leporatu zion Udal Gobernuari, “egindako inausketak ez baitziren jorratu dagokion batzordean”.