Oiartzun - UEMAk Fermiñene egoitzan lanerako zenbait espazio erabiltzen jarraitzeko hitzarmena luzatzea onartu zen ahobatez Oiartzungo azkeneko Osoko Bilkuran. Mendiburu 14 eraikina egitean, Euskara arloko gainerako eragileekin batera hara lekualdatuko da UEMA, baina bitartean Fermiñenen jarraituko du.
Arraztalo elkarteak gaixo psikikoak eta gaixotasun psikikoak gizarteratzen egiten duen lanarekin jarraitzeko 53.000 euroko dirulaguntza jasoko du aurten. Ahobatez onartu zen puntu hau ere.
Heteropterus Gipuzkoako Entomologia Elkartearekin hitzarmena ere berritu zen, ahobatez. Hi-tzarmenari esker, hurrengo lau urteetan Pagoaldea poligonoan udal jabetzako lokal bat erabili ahal izango dute.
Xorrola herri barruko autobus zerbitzuaren kontratua egokitzea ere onartu zen ahobatez. Beharra Xorrola Mugi sisteman sartu delako sortu da.
Bestalde, hiri garbiketa eta hondakinen bilketa zerbitzua berriz esleitu arte, FCCren kontratua luzatzea ere onartu zen, EH Bilduren aldeko botoekin. EAJ abstenitu egin zen puntu honetan. Adostasuna egon ez zen puntu bakarra izan zen hau.
"Aspalditik ari gara adierazten ez gaudela ados zabor bilketa sistemarekin. Beste arrazoien artean horregatik ere abstenitu ginen aurrekontuetan", adierazi zuten jeltzaleek ohar batean. "Eta nola ez, herri garbiketa ez da inola ere izan beharko lukeena izaten ari, oraindik pintadak eta kartelak ikus ditzakegu herrian", gaineratu zuten.
Azkenik, kultur eragileek 2020an herrian ekintzak antolatzeko diru-laguntzak ere onartu ziren atzo. 26 eragilek aurkeztu dituzte proposamenak eta horien artean 43.250 euro banatuko ditu Udalak.
Kirol elkarteen funtzionamendurako dirulaguntzen ordenantza ere onartu zen ahobatez.
EAJk herri garbiketako zerbitzuaren luzapenean abstenitu zen, pintadak eta kartelak ikus daitezkeelako oraindik