irun - Irungo EAJk azken urteotan kezka handia sumatu du egungo gizartean, haurtzaroan eta nerabezaroan sedentarismoaren maila altuak direla eta, edo jarduera fisikorik ezaren ondorioz. Hala adierazi du alderdi jeltzaleko udal taldeak aste honetan kaleratutako ohar batean.

Egoera horren aurrean, Udala haurrengan kirola sustatzeko neurrien bultzatzailea izan behar dela uste dute jeltzaleek. "Kirolak ez du jarduera fisikoa egiteko eta osasuna hobetzeko soilik balio. Jolasten diren bitartean, haurrek esploratu, deskubritu eta sortu ere egiten dute", dio EAJko udal taldeak bere komunikatuan.

Tamalez, idatziak dioenez, "hainbat enpresa ikertzailek hauteman duten sedentarismoaz gain, datuek 12 eta 16 urte bitarteko nesken artean kirola uzten dutenen kopuruak gora egin duela erakusten dute, %70era inguru". Horregatik, Udalak kirola haurtzarotik hasi eta nerabezarora arte bultzatzeko beharra ezinbestekoa dela iruditzen zaie jeltzaleei, "batez ere neskatoen artean".

Are gehiago, Emakunderen azterlanen arabera, neskek zuzenean edo zeharka jasotzen duten hezkuntza-eskakizun handiak eragin ohi izaten du hauen kirolaren abandonua. "Genero arrakala murrizteko ahalegina egin behar dugu, bai gizartean baina baita kirolean ere", jarraitzen du oharrak.

Ildo horretan, EAJrentzat, ezer baino lehen, beharrezkoa litzateke haurtzaroan eta nerabezaroan jokabide aldaketa bat sustatzen hastea, "eta bide horretan Udalak bertan egon beharko luke laguntzeko prest". Kontzientziazio-prozesu hori udalerriko ikastetxeetako irakasleek, eskola kiroleko begiraleek eta beste kirol klubek ere egin dezaketela uste dute alderdi jeltzalean.

Horretarako, Udalak hiriko eskolekin, eta klubekin koordinatutako ekimena sortzea proposatzen du EAJk, haurrak kirolaren prozesuan inplikatzea helburu duten programak abian jartzen. "Izan ere, haurrek prozesuan rol aktiboa joka-tzen badute, haien motibazioa eta inplikazioa areagotu egiten dela egiaztatuta dago. Horregatik, helburu komunak eraikitzeaz gain, beraiek beren aurrerapenak neur-tzeko aukera ere izan behar lukete", azaltzen du jeltzaleen idatziak.

Azkenik, eskola kirolean eta kirol federatuan emakumeen kirola bultzatzeko apustua azpimarra-tzea oso garrantzitsua dela uste dute jeltzaleek. Beraz, lorpen handiak dituzten emakumezko kirolariak gehiago bistaratu behar liratekela aldarrikatzen du alderdi nazionalistak.

Era berean, eta martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna, erortzear dagoela aprobetxatuz, berdintasuna eta emakumeen eskubideak lortzearen aldeko bere "konpromisoa eta inplikazioa" azpimarratzen du EAJk idatzian.

Haurrak kirolaren prozesuan inplikatzea helburu duten programak abian jartzea proposatu dute Irungo jeltzaleek