zumarraga - Zumarragako parrokiak Mila Osinalde, Jon Goenaga eta Pello Ramirezek organo, piano eta biolontxelo kontzertua hartuko du gaur, 20.00etan. Aipatzekoa da Osinalde organo-jotzaile zumarragarrak Juan Jose Belaustegi konpositore urretxuarraren obra bat estreinatuko duela.

Osinaldek Duboisen Cantilena Pastorale, Pachelbelen Chacona en fa menor, Garbizuren Sequencia, Guridiren Ofertorio, Pietro Yonen Finale toccata eta Belaustegiren Offertoire pour orgue joko ditu.

Goenaga piano-jotzaile zumarragarrak eta Ramirez biolontxelo-jo-tzaile ordiziarrak, berriz, lehenengoaren Bestaldetik eta Jaio eta bigarrenaren Isiltasunera arte eta Uherak konposizioak joko dituzte. Osinalde parrokiako koruan egongo da, noski. Goenaga eta Ramirez, berriz, aldarearen ondoan kokatuko dira.

Irakaslea Kontzertu hau Osinalderen ekimenez antolatu da. Zumarragar honek urtero emanaldi bat egiten du bere herriko parrokian. Gaztetan piano ikasketak egin zituen eta ondoren ehunka urretxuar eta zumarragarri musika eta piano eskolak eman zizkien bere etxean, Iparragirre institutuan eta Secundino Esnaola musika eskolan. Oraindik ikasle gutxi ba-tzuk ditu.

Bere senitarteko eta lagunek ezkontzetan organoa jotzeko eskatu zioten eta, hala, instrumentu hau jotzen ikasi zuen. Esteban Elizondo maisuaren eskutik, Europako herrialde askotako organoak jo ditu.

Aipatu bezala, urtero kontzertu bat egiten du Zumarragako parrokian. Aurtengoa Belaustegi urretxuarraren obra batekin amaituko da, bere heriotzaren 75. urteurrena dela eta. Belaustegi 1869an jaio zen. Galizian piano eta musika eskolak eman zituen, 25 urtez. Ondoren, Urretxuko Udaleko idazkaria izan zen, baina ez zuen musika utzi. Obra asko konposatu zituen.

Horietako bi saritu egin zituzten, Belgikan: ?Minuetto de concierto para banda Bruselan saritu zuten eta Sonata para piano Hainaut hirian. Gainera, musikari buruz idatzi zuen hainbat egunkari eta aldizkaritan.

Juan Crisostomo de Arriaga bilbotarrari eta Secundino Esnaola zumarragarrari buruz idatzi zuen, besteak beste.

Galizian, Frantzian eta Italian aitortzak jaso zituen eta Urretxun plaza bat eskaini zioten. Gainera, bere heriotzaren 50. urteurrenean, 1995ean, Santa Anastasia jaietako txistulari kontzertua berari eskaini zioten.