Síguenos en redes sociales:

'Giltzadun etxea' antzerkia, indarkeria matxista azaleratzeko

Ikuskizuna bihar, 22.15ean izango da ikusgai Ordizian

'Giltzadun etxea' antzerkia, indarkeria matxista azaleratzekoArgazkia: N.G.

ordizia - Antzerki Garaia zikloa Beasain eta Ordiziako Udaletako kultura sailek bultzatu eta antolatzen dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerki sarearen lankidetzarekin.

Dagoeneko bi herrietan gozatu ahal izan da ziklo honen eskaintzaz, eta bihar, 22.15ean Herri Antzokian beste zita berri bat izango dute antzerkizaleek. Hain zuzen ere, Tanttaka konpainiak Giltzadun etxea lana aurkeztuko du, eta sarrerak dagoeneko Barrena Jauregian eskuratu daitezke, eta bihar bertan lehiatilan ere erosi ahalko dira.

Lan honen zuzendaria Fernando Bernues da eta saioaren protagonistak Ainhoa Aierbe, Vito Rogado eta Mireia Gabilondo. Horrez gain, Ainara LeGardon musikariak egin du zuzeneko soinu banda eta Maialen Sarasuak, berriz, eszenak janzten dituen irudi ederrak. Testuak Aizpea Goenagak euskaratu ditu.

Tamalez, egunerokotasunean albiste den gai bat gertutik landuko dira obra honetan: indarkeria matxista. Hain zuzen, hiru emakume aktoreak gizarte langile talde baten erraietan sartuko dira. Egunerokotasuna islatzen duten momentuen bitartez, indarkeriaren biktima diren emakumeentzako egokitutako bi egoitzetako bizi-tza biluztuko dute. Sentimenduen barnera doan bilduma honen egileak, Mada Alderetek, zazpi urtez egin zuen lan horrelako etxe batean hezitzaile gisa eta beraz, esperientzia horretan oinarrituta idatzi zuen poema.

Infernu garaikidean barrena egindako bidaia bat da funtsean Tan-ttaka antzerki taldeak taularatuko duen proposamena. Hiru gizarte hezitzaileak haien bizipenak gordinik kontatuko dituzte oholtzan, eta nahitaez, ikuslea genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeen azalean jarriko da. Zuzendariak hala azaldu du mamia: "ez da ohiko antzezlan bat izango baina ez da errezital soila".

Hurrengo Antzerki Garaia zikloko saioa hilaren 21ean izango da Beasainen; Moko Zorrotza izango da ikusgai, euskaraz 20.00etan, eta 22.15ean gaztelaniaz. Martxoaren 6an Ordiziaren txanda izango da berriz, eta Ene Ba!! antzezlana taularatuko dute, 22.15ean. Martxoaren 13an, Beasainen 22.15ean, Igel Euria; apirilaren 4an berriz Beasainen, Simplicissimus, 20.00etan, gaztelaniaz eta 22.15ean, euskaraz. eta apirilaren 24an amaituko da aurtengo zikloa, Ordizian, 22.15ean, Harri orri har.