Síguenos en redes sociales:

"Udalak larrialdietarako bi etxebizitza dauzka, beharra duten pertsonentzat prest daudenak"

"Udalak larrialdietarako bi etxebizitza dauzka, beharra duten pertsonentzat prest daudenak"Argazkia: N.G.

hondarribia - Udal gobernuak ohar bat kaleratu zuen atzo. Helburua, Abotsanitzeko kideek egindako baieztapenak "zuzentzea" zen. Izan ere, pasa den asteartean, Abotsanitz udal talde hondarribiarrak hiritar baten egoera salatu zuen publikoki, Hondarribiko Gipuzkoa plazan ospatutako agerraldi batean.

Lehenik, Udalak "larrialdietarako bost etxebizitza dituela eta lau hutsik daudela" gezurra dela diote gobernu taldetik. "Udalak larrialdietarako bi etxebizitza dauzka, beharra duten pertsonentzat prest daudenak. Gainera, beste bi etxebizitza eskuratu dira babestutako etxebizitzak izango direnak, gizarte zerbitzuen beharretarako", argitzen du idatziak.

Abotsanitzek egindako adierazpenetan, Gizarte Zerbitzuetako 2008ko Legea aipatu zuten, "zaharkitua geratu dela" zioten. Gobernuak Udalak urteak daramatzala Lege hori gizarte zerbitzuetako beharrei egokitzeko ahaleginak egiten azaldu zuen atzo bere oharrean. "Era berean, Gizarte zerbitzuen arloak aurrekontu-sail bat dauka gizarte zerbitzuen plan estrategikoa burutzeko", gehitu zuen gobernu taldeak.

Asteartean Abotsanitzek publikoa egin zuen egoera zehatzari dagokionez, gizarte zerbitzuetako sailak urteak daramatzala pertsona horrek "dituen beharrei elkarrekin erantzuna bilatzen, eta dituen eskubideetarako erraztasunak ematen".

Ildo horretan, Udalaren harrera etxebizitzaren erregelamenduaren helburua "aterperik gabe geratu diren eta berehala laguntza behar duten pertsonei edo familiei babesa ematea" da. Etxebizitza horiek erabiltzeko,baldintza hauek bete behar dira: ezbeharren baten ondorioz (sutea, uholdea, etab.) denboraldi baterako etxerik gabe geratu diren eta behin-behinean babes behar horri erantzuteko azpiegiturarik ez duten familia izatea.

Gobernu taldeak bere kezka adierazi zuen pertsona jakin horren egoeraz eta hiritarraren beharrei, eta antzeko egoeran dagoen edozeinenei, erantzuna bilatzen jarraituko dutela adierazi zuten. Gizarte zerbitzuetako saileko langileek egiten duten lanaren aurrean gobernu taldeak bere "babesa eta sostengua" adierazi zien.

"Alderdi politiko batek pertsona jakin batentzat gizarte larrialdietarako etxebizitza eskatzea arriskutsua eta arduragabea da", amaitzen du gobernuaren oharrak.