zumarraga - Zumarragako EH Bildu udal taldeak legealdiko lehen sei hilabeteen balorazioa egin du. Oso kritiko azaldu dira Udal gobernuak (PSE-EE) egindako lanarekin. Gobernatzeko ereduan gabeziak daudela, arkitektura aholkulari-tzan irregulartasunak daudela, enplegu teknikariaren lanpostua neurrira diseinatu dela, mankomunitatearekin konpromisoa falta dela eta oraindik 2020ko aurrekontuak ez direla onartu salatu dute.

Gobernatzeko ereduan gabezia handiak aurkitu dituztela diote. "Elebitasuna eta hizkuntza berdintasuna ez da lehentasuna, gardentasuna falta da eta proiektu askoren berri hedabideen bidez jakin dugu, osoko bilkuren %90 ez ohikoak izan dira, antolaketan inprobisazioa eta planifikazio falta nagusi dira, espedienteak berandu aurkezten dira oposizioaren lana oztopatzeko eta harremanetan eta ba-tzarretan errespetu falta dago".

EH Bilduk hilabeteak daramatza hainbat "irregulartasun" salatzen. Horietako batzuk arkitektura aholkularitzarekin lotuak daude. "Udalaren talde teknikoaren gomendioak eta erreparo txostena ez ziren errespetatu, funtzionario bati gordeta dagoen lanpostua ezin da azpikontratatu, bateraezintasunak aurkitu ditugu (asistentzia teknikoaren lanpostua baliatu da proiektuak lortzeko) eta arkitektoak kontrataziorik izan gabe ere lanean jarraitu du".

Zerbitzuen kontratazioan eta lizitazioetan irregulartasunak lehendik datozela eta enpresa gehiagorekin izan direla gehitu dute. "Beste bost enpresekin frakzionamenduak egin dira lizitazioak saihesteko eta lizitazioen luzapen behartuak ugariak izan dira. Udalaren lan talde teknikoak urteak daramatza hori jakinarazten eta neurriak eskatzen. Goiko auzoen irisgarritasunerako bedera-tzigarren fasean lizitazio akats handia egin da. Azaroaren 5eko osoko bilkuran lizitazioa atera zen, 350.000 euroko aurrekontuarekin. Azaroaren 19ko osoko bilkuran, berriz, lizitazioa bertan behera gelditu zela jakinarazi zen, hainbat neurketa ez zirelako ondo egin. Aurrekontua nabarmen handituko da eta lanen atzerapena ekarriko du".

EH Bilduk enplegu teknikariaren lanpostua neurrira diseinatu zela ere salatu du. "Udal gobernuak pertsona bat kontratatu nahi zuen eta deialdia neurrira egin zuen. Gaizki atera zaio. Euskararen derrigortasuna jaitsi zuten eta euskara ulertzen ez duen pertsona bat geratu da lehendabizi".

Bestalde, "mankomunitatearekin konpromiso falta" egotzi diete PSE-EE eta EAJri. "Gobernu taldeak sei hilabete behar izan ditu ordezkariak hautatzeko eta lehendakaritzari uko egin dio. Lehendakaritza ez hartzea akats politikoa da. Egitura paralelo bat sortu nahi ote duten susmoa dugu. EAJ eta PSE-EE ez dira mankomunitatean ados jartzeko gai eta hori arduragabekeria handia da. Proposamen eraikitzaileak egin ditugun bakarrak izan gara".

2020ko aurrekontua oraindik ez dela onartu kritikatu dute. "Urtea amaitu den arren, Udalak ez du aurrekonturik oraindik. Gobernu taldeak ez du aurrekontu proiektua aurkeztu. Eramaten ari den lan prozedurak eta atzerapenak asko kezkatzen gaituzte".

Bukatzeko, EH Bilduk auzoetan egindako bileren berri eman dute. "120 herritarrek parte hartu dute bost auzoetan egin ditugun bileretan. Proposamenak aurrekontuetan txertatzeko eta batzordeetan aurkezteko konpromisoa hartu dugu. Kezka nagusiak irisgarritasunarekin, mugikortasunarekin eta mantenuarekin lotuta daude".