Planeta honetan datozten mendeetan bizitzen segi nahi badugu, ingurumenarekiko errespetua funtsezkoa dela jakina da egungo gizartean. Hala ere naturarako kaltegarriak diren ohitura asko ditugu oraindik, bereziki helduen artean.
Ildo horretan, nahiz eta arazoa mundiala izan, ezinbestekoa da herri eta hirietatik pausoak emanten hastea. Bidasoaldean, Txingudiko Zerbitzuakek urteak darama-tza ingurumen hezkuntza lantzen, eta erakundeko gerentea den Leire Zubiturrek atzo azaldu zuen bezala, etorkizunera begira gazteen eta haurren gai honi buruzko sentsibilizazioa oso garrantzitsua izango da.
Horregatik, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako maila bakoitzeko curriculumaren edukiari egokitutako hezkuntza proposamen osagarria eskolen eskura jartzen du urtero Txingudiko Zerbitzuakek. Denborarekin, eskaintza hori zabaltzen joan da eta gaur egun eskualdeko ikasleei zuzendutako tailerrak bost dira eta ura, hondakinak, energia eta kaleen garbiketaren kudeaketari buruzko informazio ugari helarazten zaie haien bitartez.
Tailer horiez gain, ikasleak konpostaren mundua ezagutzeko aukera dute urte osoan martxan dagoen Zisare programan. Zubiturrek atzo zioenez, Bidasoaldeko “ia eskola guztiek tailerren batean edo Zisare programan parte hartzen dute eta balorazioa beti izan da oso positiboa”.
Ekimenaren helburua Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek Behe Bidasoak “zer nolako baliabideak dituen hondakinak eta, bereziki, ura kudeatzeko eta zer nolako errespetua eduki behar zaion baliagai horri” ezagutzea da, Zubiturren hitzetan. Gainera, kudeaketa horrek ingurumenean dituen ondorioak aztertzea, kudeaketa iraunkorren aurreko kon-tzientzia harraraztea eta herritarren partaidetza sustatzea dira ere hezkuntza programa honen beste ardatz estrategiko batzuk.
zabalkuntza Hondarribiako Talaia Eskola Txingudiko Zerbitzuaken ingurumen hezkuntza proposamena barneratu duten ikastetxeetako bat da. Aitzol Goikoetxeak, Talaiako idazkari orokorrak, eskolan tailer guztiak aukeratu direla azaldu zuen. “Honen xedea Bigarren Hezkuntza amaitzerakoan ikasleek informazio osatua jasotzea eta inguruko baliabideen kudeaketaren ikuspegi globala izatea da”, gaineratu zuen Goikoetxeak.
“Orain helduok haurrengandik ikasten hasi behar dugu, hauek segituan jasotzen baitute mezua; helduei pixka bat gehiago kostatzen zaigu”, jarraitu zuen Zubiturrek bere aldetik. Hori kontuan hartuz, Txingudiko Zerbitzuaken hezkuntza tailerrek bi funtzio betetzen dituzte: lehenengoa, ikasleen formakuntza, eta bigarrena, bere gurasoen sentsibilizazioa, etxeko txikiek mezua etxean zabaltzen laguntzen dutelako.
Talaiako idazkariak ingurumenean sortzen dugun eraginarekiko “sentikor eta kontzienteak” diren pertsonak hezitzea oso baliotsua dela adierazi zuen bukatzeko. Modu horretan, “sozialki, ekonomikoki eta ingurumenari dagokionez mundu jasangarriagoa eraikitzen lagunduko dute”, amaitu zuen Goikoetxeak.